OSPITALETAKO IKASGELAK
NORENTZAT
Ospitaleratutako ikasleak (ikasleen aniztasunera, ospitalera eta ospitaleko ezaugarrietara egokitzea dakarkie irakasleei testuinguru berezi honek).
HELBURUA
Ospitaleratutako ikasleak bolada batez ezin dira ohiko moduan eskolaratu. Horrek hainbat gorabehera eragiten ditu. Beraz, ospitaleratutako ikasleen ikas-prozesua bermatzea eta –une horretako egoera kontuan hartuta– garapen emozionala, psikosoziala eta kognitiboa ahalbidetzea da ospitale-ikasgelen helburua.
NON
Araban hiru ospitale-ikasgela daude:
1. AUOko Txagorritxuko ospitaleko ikasgela
Lehenengo solairuan dago kokatuta; Pediatria Unitatean, hain zuzen ere. Pediatria eremuko ikasleei ematen die zerbitzua nagusiki, baina baita beste solairu batzuetan ospitaleratutako ikasleei ere.
2. AUOko Santiagoko ospitaleko ikasgela
A pabiloiko zazpigarren solairuan dago kokatuta. Nagusiki, Psikiatria Unitateko haurrei eta gazteei ematen die zerbitzua, baina baita beste edozein solairutan ospitaleratzen diren ikasleei ere.
3. Olagibel anbulatorioko Eguneko Ospitaleko ikasgela
6. solairuan dago kokatua. Psikiatria Unitateko haur eta gazteei ematen zaie zerbitzua.
LAN EGITEKO MODUA
Profil ezberdinak duten ikasleei eskaintzen zaie arreta ikasgela bakoitzean, horregatik egin beharreko egokitzapenak ezberdinak izaten dira. Dena dela, hainbat alderdi eta helburu partekatzen dituzte:
Ospitale-geletako metodologiak bertaratzen den ikasleen aniztasunari erantzuten dio. Proposatzen diren jarduerek, beraz, ikasleen berariazko hezkuntza-premiak kontuan hartu behar dituzte, eta haiei erantzun. Horrela, bai maila pertsonalean, bai hezkuntza mailan, ospitaleko egonaldiak sorraraz ditzakeen ondorio kaltegarriak saihestu edo murriztu egingo dira; batez ere, egonaldiak luzeak direnean.
Hezkuntza-premien analisia eta balizko erantzunak alderdi askoren pean daude. Hala, irakas-lanari dagokionez, ospitaleko egonaldiaren iraupena, gaixotasun mota eta ikasle bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartu behar dira edozein esku-hartze diseinatu aurretik.
Diseinatutako esku-hartzea ahalik eta eraginkorrena izan dadin, ezinbestekoa da ikaslearen inguruko guztiak koordinatzea: osasungintzako langileak, ikaslearen ikastetxeko orientatzaileak nahiz tutoreak, eta gurasoak–edo legezko tutoreak–.
Lamentamos informarles que en este momento no tenemos información que mostrar en esta pagina.