Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroak (OETH) Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak gara, honako helburu honekin sortuak: medikuaren aginduz ospitale batean daudelako, etxean suspertzen daudelako edo programa terapeutiko-hezigarri batean daudelako ohikotasunez beren ikastetxeetara joaterik ez duten ikasleei hezkuntza-laguntza eskaintzea. 266/2006 Dekretuak, abenduaren 26koak (2007-01-05eko EHAA), arautzen du ospitaleko eta etxeko hezkuntza-arretarako eta arreta terapeutiko-hezigarrirako lurralde-zentroak sortzea. Organikoki, OET-H bakoitza bere Hezkuntza Sailaren Lurralde Ordezkaritzaren mende dago; eta, funtzionalki, berriz, Hezkuntza Sailaren Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren mende. OET-H zentroen eginkizunak honako hauek dira:
a) Ospitalizazio-aldian eskola-adinean dauden ikasleen heziketa-prozesuaren garapena bultzatzea.
b) Medikuaren aginduz aldi luze batez etxean egonbehar dutelako ohikotasunez beren ikastetxeetara joaterik ez duten ikasleei eskola-ikasketak eta gizarteratzea ahalbidetzea, hezkuntzaren alorreko laguntza-ekintzen bidez.
c) Gaixorik daudelako edo egon direlako medikuaren aginduz ikastetxera joaterik izan ez duten ikasleen eskola- eta gizarte-txertaketa sustatzea.
d) Behar duten ikasleei laguntza terapeutiko eta hezkuntza-mailakoa eskaintzeko programak sustatzea, osasuneko eta gizarte-zerbitzuetako profesionalekin elkarlanean proiektu multiprofesionalak garatuz.
e) Gaixorik dauden ikasleek beren ingurune berriko pertsona helduekin eta matrikulatuta dauden ikastetxeko irakasle eta ikasleekin harreman positiboak ezartzeko laguntza eta bitartekotza-ekimen egokiak garatzea.
f) Osasun-langileekin elkarlanean, ospitalean dagoen ikaslearen tratamendu integralerako jarduketa egokia haiekin koordinatzea.